Igaraba (Lutra lutra) mustelidoen familiako uretako ohiturak dituen ugaztun haragijalea da. Iberiar penintsulan erregresio-prozesu nabarmena izan zuen 1950etik 80ko hamarkadaren erdialdera arte, ibaien kutsaduraren eta beste zenbait faktoreren ondorioz (Jimenez et al., 2008).
Gipuzkoan, igaraba desagertu egin zen 60ko hamarkadatik XXI. mendeko bigarren hamarkadara bitartean. 60ko hamarkadan, igaraba 6 udalerritan bakarrik zegoen (Blas-Aritio, 1970). Geroago, 1985etik 2004ra, 1992an Leitzaranen bakarrik agertu zen. Jarraian, 1985 eta 2004 bitartean egindako zentsuen laburpena eta Gipuzkoarako lortutako emaitzak:
- Álvarez et al. (1985): 1985ean egindako errolda. Gipuzkoan ez da hautematen.
- Illana eta Paniagua (1993). 1992an egindako errolda. Leitzaranen hautematen da.
- Ruiz-Olmo eta Delibes (1998): 1995ean egindako errolda. Gipuzkoan ez da hautematen.
- González-Esteban eta Villate (2001): 2001ean egindako errolda. Gipuzkoan ez da hautematen.
- Hernando et al. (2004): 2003an egindako errolda. Gipuzkoan ez da hautematen.
Azken hamar urteotan aldaketa bat gertatu da egoera horretan, eta igaraba poliki-poliki birkolonizatzen hasi da Gipuzkoa (penintsulako beste eskualde batzuetan bezala). 2014tik 2018ra Estatuan egindako zentsuan (Miñao et al., 2021), espeziea Bidasoaren arroan aurkitu zen, Gipuzkoako lurraldeari dagokionez. Geroago, Oria, Urola eta Urumearen arroetan ere ikusi da. Duela gutxi UGASS proiektuan (Ferreres et al., 2023), Donostiako meso eta makrougaztunen inbentarioa egiteko egitasmoa, espeziea Urumeako bi errekatan filmatzea lortu fototranpa bidez.
Gipuzkoako ibaien birkolonizazio berri horrek esan nahi du espeziea lehenago edo geroago ugaldu egingo zela lurralde horretan. Eta espezieak dagoeneko egin duela susmatzen bada ere, orain arte ez da horren testigantzarik argitaratu.
Azkenik, susmo hori UGASS proiektuko (laginketa gehigarrien fasean) fototranpa-kamara batek frogatu du. Oriaren arroan (Zubieta-Donostian) kokatutako kamerak maiatzean grabatutako bideo batek igaraba Gipuzkoan ugaldu dela frogatu du. Filmazioan argi eta garbi ikus daiteke igaraba familia-talde bat, segur aski eme batek eta haren kumeek osatua.
Behaketa horri mugarria da igarabak Gipuzkoan daraman birkolonizazio-prozesuan, eta, nolabait, gure ibaiak hobeto zaintzearen ondorioa da. Nolanahi ere, ohartarazi behar da espeziea oraindik Euskal Autonomia Erkidegoan desagertzeko arriskuan katalogatuta dagoela eta horrek espeziea eta haren habitatak behar bezala kudeatzea eskatzen duela.
Prentsarako material grafikoa (egilea: Itsas Enara):