Hegaztien eguna munduko hainbat herritan ospatzen da, honen helburua, jendartera hegaztien mundua eta haien kontserbazioa gerturaraztea izanik. Gobernuz kanpoko ekimena da, non bertako ornitologo eta hegaztizaleek egun horretan bertaratzen den jendeari hegaztiak haien habitatetan ikusteko eta makina bat gauza berri ikasteko aukera eskaintzen dieten.
Ohi bezala, urriaren 7an, igandea, Itsas Enara Ornitologia Elkarteak Plaiaundiko parke ekologikoan ospatuko du egun hau, Txingudin hain zuzen. Goizetik hasita, elkarteko hainbat kide parkeko hainbat puntutan kokatuko dira, teleskopio eta prismatikoekin hegaztien behaketa ahalik eta gehien errazteko, modu berean, hegazti hauen ohitura eta biologiari buruzko informazioa azalduko dute. Parkearen sarreran elkartearen stand bat egongo da, bertan orain arterainoko argitalpen eta ekintzak azalduko direlarik.
Aurreko urteetako esperientzia oso positiboa izan da, hegaztiak animalia izutiak direla kontutan hartuta, jendeak atseginez hartzen du halako izaki ederrak gertutik behatzeko aukera hau, baita sor daitezkeen zalantzei erantzuna eman diezaiokeen pertsona bat ondoan edukitzea ere. Ez da erraz ahazten mokozabal edo ugarroi baten edertasuna bertatik bertara nahiz teleskopio on baten laguntzaz ikusi izana.
Itsas Enara bere hogeigarren urteurrenaren ospakizunetan dago, eta haren ekintza ugarien artean, duela hamabost urtetik hona Txingudin Hegaztien Eguna antolatzen du urtero urriaren lehen igandean. Urrun geratzen da laurogeigarren hamarkada, Gipuzkoako hegaztien ondarea ezagutu eta zabaldu nahi zuten ornitologo talde gazte bat Motacilla Ornitologia Taldean eta Gipuzkoako Ozeanografia Elkarteko Itsas Hegaztien sailean biltzen zirenean, Itsas Enararen aurrekariak hauek. Urte hauetan guztietan, Itsas Enarak zer esan handia eduki du Gipuzkoako hegaztien ikerketetan: egindako hainbat lan, kontaketa eta kanpainengatik eta baita datu guzti hauen hedapenean eginiko argitalpen, ikastaro, hitzaldi eta jardunaldietan.
- Noiz: Urriak 7an, igandea, Hegaztien Mundu Mailako Eguna.
- Non: Plaiaundiko Parke Ekologikoan (Irunen)
- Ordutegia: Goizeko hamarretan hasita, goiz osoan zehar; doan.
- Jarduerak: Parkean zehar behaketa postuak, elkarteko ornitologo eta beraien teleskopioekin. Parkearen sarreran stand bat Itsas Enara Ornitologi elkarteko argitalpen eta hegaztiei buruzko informazioarekin.