AlcaravanesIrungo kirol instalazio berria Zubietako eremuan eraikitzen bada, bertako ingurune balioak galtzeko arriskua dago. Hori dela eta, Bidasoaldeko lagunek gaiaren inguruko iritzia ematen dute ondorengo testuan:

Arrautza guztiak otar berean jartzeak kolpe batean denak galtzeko arriskua onartzea suposatzen du. Merkataritzan ere, egokia izaten da bezeroen aniztasuna bermatzea salerosketa bezero mota bakar baten menpe ez geratzeko. Tira, espazio publikoek ere, larrialdiko irteerak eduki behar dituzte eta itsasontziek salbamendu-txalupak. Hau horrela izanik, nekez uler edo onar daiteke Plaiaundiko kirol instalazioak birkokatzeko soil soilik Zubietako aukera aurreikustea. Arbesen aparkaleku bat eraikitzeak edo Irunvik San Miguel-Anakan lursailak erosteak, orain arte planteatu diren alternatibarik bideragarrienak bertan behera uzteko asmoa erakusten dute, Zubieta aukera bakarra modura utziz.

Zubietako eremua, hiria eta Jaitzubiko babesgunearen arteko amortiguazio eginkizun garrantzitsua betetzeaz gain, oraindik jatorrizko padura bezala berreskura daitekeen alderdi bakanetakoa da eta gainera, babestutako espezieak bertan bizi dira. Bertan kirol instalazioak eraikitzeak eginkizun eta balio horiek suntsituko lituzke. Baina, oso garrantzitsuak izan arren, ez dira horiek atletismo pista eta rugby zelaia birkokatzeko Zubietako aukeraren gainean dauden lanbro bakarrak.

Soilik idatzi honetan aipatutakoak kontuan hartuz, Zubietaren gainean dagoen lanbroa hodei beltza dirudi. Hurrengo hauteskundeetatik aterako den korporazio berriak arazo larri eta luze hau koherentziaz eta erabakitasunez landuko duela sinistu nahi dugu. Bestela, 2019ko uztailean, "0 alternatiba" onartu behar izateko aukera handiak daude, Irun eta kirol taldeak atletismo pistarik eta rugby zelairik gabe utziz.

BIDASOALDEKO LAGUNAK:

Eguzki Bidasoaldea antinuklear eta ekologista, Itsas Enara Ornitologia Elkartea, Ekologistak Martxan Gipuzkoa, SEO/BirdLife, Federación AA.VV. OIASSO 2000 auzo elkarteen federazio, Jaizkibel Defendadezagun Taldea.