castellano

Hegaztien eguna munduko hainbat herritan ospatzen da, honen helburua, jendartera hegaztien mundua eta haien kontserbazioa gerturaraztea izanik. Gobernuz kanpoko ekimena da, non bertako ornitologo eta hegaztizaleek egun horretan bertaratzen den jendeari hegaztiak haien habitatetan ikusteko eta makina bat gauza berri ikasteko aukera eskaintzen dieten.

Espátulas en Plaiaundi (Itsas Enara OE)

 

Ohi bezala, urriaren 7an, igandea, Itsas Enara Ornitologia Elkarteak Plaiaundiko parke ekologikoan ospatuko du egun hau, Txingudin hain zuzen. Goizetik hasita, elkarteko hainbat kide parkeko hainbat puntutan kokatuko dira, teleskopio eta prismatikoekin hegaztien behaketa ahalik eta gehien errazteko, modu berean, hegazti hauen ohitura eta biologiari buruzko informazioa azalduko dute. Parkearen sarreran elkartearen stand bat egongo da, bertan orain arterainoko argitalpen eta ekintzak azalduko direlarik.

 
 
Miembros de Itsas Enara el día de las aves. Autor Carmen González
 
 

Aurreko urteetako esperientzia oso positiboa izan da, hegaztiak animalia izutiak direla kontutan hartuta, jendeak atseginez hartzen du halako izaki ederrak gertutik behatzeko aukera hau, baita sor daitezkeen zalantzei erantzuna eman diezaiokeen pertsona bat ondoan edukitzea ere. Ez da erraz ahazten mokozabal edo ugarroi baten edertasuna bertatik bertara nahiz teleskopio on baten laguntzaz ikusi izana.
 
 
Hegaztien Egunak hegaztien udazkeneko migrazio garai garrantzitsuenarekin bat egiten du, urtero negua pasatzeko hegoalderantz egiten duten bidaiaren barruan. Txingudi atsedenleku bat da hegazti hauetako askorentzako, bertan ikusi daitezkeen hegaztien zerrenda oso luzea delarik, garai hau ona da lertxunak eta lertxuntxoak, ugarroiak, txirriak, kulixkak, bernagorriak eta arrano arrantzalea ikusteko, horietaz gain baita azken mokozabalak eta negua hemen pasako dute lehen zertzeta arrunt eta istingorrak ikusteko ere.
 
 
Eguraldi txarra, hegazti behatzaileen kasuan, ez da gogogabetzeko arrazoia, hegazti kopuru handiagoak biltzen baitira babes bila. Egun honetan parte hartzeko ez da hegaztiei buruzko ezagupenik behar, haiei buruz ikasteko gogoa eta jakin-mina baizik; hori bai, gomendagarria da prismatiko batzuk ekartzea.
 
 
 
Foto sacada en Plaiaundi por Josemari Gimón
 
 
 

Itsas Enara bere hogeigarren urteurrenaren ospakizunetan dago, eta haren ekintza ugarien artean, duela hamabost urtetik hona Txingudin Hegaztien Eguna antolatzen du urtero urriaren lehen igandean. Urrun geratzen da laurogeigarren hamarkada, Gipuzkoako hegaztien ondarea ezagutu eta zabaldu nahi zuten ornitologo talde gazte bat Motacilla Ornitologia Taldean eta Gipuzkoako Ozeanografia Elkarteko Itsas Hegaztien sailean biltzen zirenean, Itsas Enararen aurrekariak hauek. Urte hauetan guztietan, Itsas Enarak zer esan handia eduki du Gipuzkoako hegaztien ikerketetan: egindako hainbat lan, kontaketa eta kanpainengatik eta baita datu guzti hauen hedapenean eginiko argitalpen, ikastaro, hitzaldi eta jardunaldietan.

 
 
Lotura berezia dauka Itsas Enarak Txingudirekin, bertan elkarteak lan asko ditu eginak, hauetariko batzuk nahitaezko erreferentzia bihurtu direlarik Txingudik gaur egun dituen garrantzi handiko izendapenak lortzeko garaian, datu zientifikoak aurkezteko garaian. Hauen artean Ramsar zerrendan sartzea Nazioarteko Garrantzi Handiko hezegune moduan edo IBA izendapena (Hegaztientzako eremu garrantzitsua) SEO-Birdlife International- ek emana, baita ZEPA izendapena ere (Hegaztien babeserako eremu berezia) Natura 2000 sarearen barruan eta azkenik Life-Natura europar erakundearen diru-laguntzen esleipena Plaiaundiko hezegunea berreskuratzeko. Mehatxu berria jalgi da, ordea, Txingudiren gainean, Eusko Jaurlaritza haren azalera gehienari babesa kentzeko zereginetan ari baita.
 
 
 
 
Dibulgazio-ekintzak amaituta, Itsas Enarako bazkideek eta lagunek anaitasun-bazkari bat egingo dute hegaztien egunean.
 
 
 
Hegaztien Egunerako deialdia:
 
 
  • Noiz: Urriak 7an, igandea, Hegaztien Mundu Mailako Eguna.
  • Non: Plaiaundiko Parke Ekologikoan (Irunen)
  • Ordutegia: Goizeko hamarretan hasita, goiz osoan zehar; doan.
  • Jarduerak: Parkean zehar behaketa postuak, elkarteko ornitologo eta beraien teleskopioekin. Parkearen sarreran stand bat Itsas Enara Ornitologi elkarteko argitalpen eta hegaztiei buruzko informazioarekin.
 

 

Subir